Probintzia

Probintzia

Mendebaldetik Altiplanora, Marquesadoa, Kosta Tropikala eta Alpujarra eta Lecringo Bailara zeharkatuta, probintzia osoak monumentu eta kultur turismorako bizigarriak ditu.

Hiriburuaren gerri inguruko udalerri batzuk historia eta kultura unibertsalean mugarri izateraino iritsi dira: Errege Katolikoek Granada setiatzeko sortutako Santa Fe herrian, Cristobal Colonek Amerika aurkitu zuela-eta Kapitulazioak sinatu ziren lekua izan zen: eta Fuente Vaqueros Federico Garcia Lorcaren jaiotzaren lekuko izan zen, espainiar letretan izenik garrantzitsuenetakoa den poeta eta antzerkigileetako bat.

Guadix, monumentu hiriak, ondare historiko-artistiko interesgarria du. Bertan Nazio Monumentu izendatutako Alcazaba nagusitzen da; XI. mendeko bere dorreetatik ibarraren, hiriaren eta Sierra Nevadaren ikuspegi zoragarriak ikus daitezke. Arkitektura erlijiosoa oso garrantzitsua da Guadixen eta Katedrala eta Santa Ana, Santo Domingo eta San Francisco elizak bezalako interes handiko eraikuntzak ditu.

Dituen bi mila iturri baino gehiagoengatik “Uraren hiria” izenez ezagutzen den Lojaz ere, arabiar Gotorlekua, Santa Catalinari eskainitako Eliza Nagusia, San Gabrielekoa, Santa Clarako komentua, eta Biltegi Berria nabarmendu behar dira. Mendebaldeko eskualdean era berean, Montefríon arabiar gotorlekuak eta Villako Elizak sortzen duten monumentu multzo ikusgarria harrigarria da. Harkaitz baten gainean eraikita daude, arkitektura ausardia azkarrarekin.

Altiplanoa historiaurreko kultur hondakinetan aberatsa da. Bertan kokatu zen Kristo aurreko IV mendean Bastetanoen iberiar herria, Bastiko hiriaren sortzaileak (egungo Bazaren jatorria), Iberiar Penintsulako zaharrenetako bat. Historiako garai honetakoak dira Bazako Andrearen eta Gerlariaren Gorputz-enborraren aurkikuntza arkeologikoak. Baza Hispania erromatarreko hiri inportantea izan zen, eta arabe-andalusiar garaian herri gune garrantzitsua. Ingurumarietan kokatzen dira, Cúllar, Galera, Orce, Huescar eta Castril herriak, hauek denak monumentu eta arkeologia ondare handikoak.

Alpujarrak arabiarren eta moriskoen historia eta ohiturak mantentzen ditu, Felipe IIak kanporatu zituen arte, bertan bizi izan baitziren. Oraindik ere, orain dela bost mende eraikitako ubide sarea eta alor landaketa sistema tradizionala erabiltzen dira. Arkitekturak ere aldatu gabe jarraitzen du, herritako kale mehar eta aldapatsuetan. Etxeak, beti kareztatuak, inguru menditsura ezin hobeto egokitzen dira eta harri, buztin, arbel, launa eta gaztaina egurrez eginak daude.

Kosta Tropikalak urteko 320 eguzki egunez gainera, milaka urteko historia du. Bertan feniziarrek Sexi sortu zuten, gaur egun Almuñecar den kolonia. Beranduago, erromatarrek Mediterraneoko gatz fabrika handienetako bat eraiki zuten eta ur gezez hornitzeko ubidea. Bere lehenaldi arabiarretik, Almuñecarrek, ondoko Salobreñak bezala, bi herriak inguratzen dituen harresia dute. Motrilen Enkarnazioko Eliza Nagusia nabarmendu behar da, aintzinako meskita nagusiaren gainean eraikitakoa.



Login

Registro | Contraseña perdida?